XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) leher eginda dago; apur bat lo egin nahi duela dio.

Ni kanpora noa.

Ez ditut mutikoak ezagutzen baina beraiek bai ni.

Nire etorreraz oharturik denak irten dira.

Beraiek ote dira?

Hau dezepzioa!

Zer gertatu da baina?

Izugarri hazi dira.

Bi urte pasatxo dira, besterik ez... ezinezkoa dirudi.

Zein nekek, zein biziok, zein alferkeriak itsusitu ditu era horretan, sasoiz dizdiratsu zeuden aurpegi hauek?

Zeintzu lan zitalek hondatu dituzte hain azkar soin eder haiek?

Egundoko deskalabrua gertatu da hemen...

Galdezka hasi naiz.

Bashirrek taberna batetan ontzi garbiketan dihardu; Ashur bidegintzan harripikatzaile ari da eta nekez irabazten ditu sos batzuk; Hammatarrek begi bat galdu du.

Nork esango luke?

Sadek zentzutu omen da; anaiari laguntzen dio azokan ogiak saltzen; lelotu egin dela dirudi.

Agib harakin lanetan hasi da aitaren arrimuan; loditzen ari da; itsusi dago; aberastu egin da; hitza ukatzen die adiskide ohi pobreei...

Karrera ohoretsuek nolatan astakilatzen gaituen!

Hauengan aurkituko ote dut, bada, gurean nazkatzen ninduena?

Boubaker?

Hamabost urte kunplitu gabe, ezkondu egin da.

Bitxia.

Arratsaldez ikusi dugu elkar eta berak azaldu dit: itxura besterik ez da izan bere ezkontza.

Alproja hutsa bihurtu da.

Edanari eman dio, itxuragabetzen ari da...

Eta bizitza osoa oraindik aurrean.

Biziaren hondakinak.

Nire jasanezinezko tristezian ulertu dut, batipat hauek ikustera nentorrela.

Menalquek arrazoi: zorigaiztoko inbentua dugu oroitzapena.

Eta Moktir?...

Ah, kartzelan egona da!

Izkutuan dabil.

Lehengo lagunek ez diote kasurik egiten.

Ikusi nahi nuen.

Bera baitzen denetan galantena; dezepzionatuko ote nau hark ere?...

Aurkitu dute.

Ekarri didate.

Ez!

Honek ez dit hutsik egin!

Lehengoari eutsi dio.

Nire oroimenak ere ez zidan hain mardul irudikatzen.

Haren sasoia, haren ederra, akatsik gabeak dira...

Irribarre egin du ezagutu nauenean.

- Zertan zenbiltzan bada, kartzelan sartu aurretik?

- Ezertan ere ez.

- Lapurretan?

Bere gaitzespena adierazi dit.